2012/05/09 Herriraren gogoeta sakona Espainiako Gobernuaren planaren harira
OSAGAI ZAHARRAK DITUEN PLAN BERRIA
Espainiako gobernuak, barne Ministerioaren eskutik, euskal preso politikoei zuzenduriko plan berria aurkeztu zuen duela aste batzuk. Banakako bergizarteratze plan gisa izendatutakoari buruzko erreakzio sorta izan da, bai Euskal Herrian, bai Espainian, bai eta konponbide prozesuan inplikaturik dauden nazioarteko hainbat ordezkariren aldetik ere. Posizioak ezartzen dituzten lehen erreakzio horiez harago, plan honen inguruko balorazioa osotasunean eskaini nahi du Herrira mugimenduak.
Azken hilabeteetan euskal preso politikoen eskubideen alde izan den jendartearen inplikazio zabalak eta igarotako mobilizazio jendetsuek, gobernuarengan mugitzeko beharra sortu dute. Horrek, Euskal Herrian eragile eta herritar asko eta asko jorratzen ari garen bidearen arrakasta eta garrantzia erakusten du, herritarron inplikazioak eta parte hartzeak, gobernuaren jarrera geldia sostengaezina izatera eraman baitu.
Hartara, gobernua mugitzera behartuta aurkitu da, baina gabezia nabarmenak dituen plana aurkeztu du, eta ez dio egoerak eskatzen duen seriotasun eta ardurarekin heltzen preso politikoen aferari. Izan ere, ez dio jendartearen gehiengoaren eskariei eta bake prozesuak berak dituen premiei behar adinako erantzunik eskaintzen. Hortaz, esan genezake gobernua mugitu egin dela, baina zinez, pausu sendorik ez duela eman.
Ondorengo lerroetan argudiatzen du Herrirak bere balorazioa:
Ez dio bake prozesuaren premiei eta euskal jendarte gehiengoaren espekatibei erantzuten.
Azken hilabeteetan gertakizun inportanteek egoera berri bat zabaldu dute Euskal Herrian. Denek onartu dute hau, modu batera edo bestera. Izan ere, Aieteko bake konferentziak eta ETA-k bere jarduera behin betirako utzi izanak, inoiz ezagutu gabeko aukera historikoa ireki dute. Era berean, nazioarteko komunitateko ospe handiko pertsonen, eta erakunde desberdinetako goi agintari esanguratsuen ekarpena eta eskakizunak ere azpimarratzekoak dira testuinguru berria ireki duten aldagaien artean.
Egoera berriak begi asko Espainiar gobernuarengan jarri ditu, bake prozesuan inplikatu eta dagozkion lehen urratsak eman ditzan. Urrats horiek, gobernuak mantentzen dituen politika urratzaile eta zaharkituen amaieran kokatu dira, nagusiki euskal preso politikoen aurkako muturreko neurriekin amaitu dadin, hala nola, dispertsio politika bukatzea; gaixotasun larriak dituztenak askatzea; bizi osorako zigorra ezartzeko neurriak alboratzea, kondena bete dutenak eta ¾ bete dituztenak askatuz; eta isolamendua bezalako neurri krudelak amaitzea. Eskakizun zabal honek isla historikoa izan zuen Urtarrilaren 7an Bilbon, 110.000 pertsona bildu baitziren euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatu zituen manifestazioan.
Denborak eta errealitate berriak ez ditu behar adina aintzat hartzen.
Hilabete guztiotan, gizartearen gehiengoak aldarrikaturikoaren aurka, Espainiako gobernuak kartzela politika bere horretan mantendu du. Atzera urratsak ere izan dira, horien artean nabarmenena, 197/2006 bizi osorako doktrina berretsi izana Auzitegi Konstituzionalak, kondena bete duten presoak kartzelan mantentzeko irizpidea lege bilakatuz.
Espainiar ministroak aurkezturiko plana, beraz, berandu heldu dela esan daiteke, egoera berriak politika zaharkituak alboratzea eskatzen baitzuen, eta kartzela politika, gatazka egoerak luzatu eta mendeku irizpideetan mantentzetik urrun, bake eta konponbide klabeetara aldatzea beharrezkoa baitzen.
Azken urteetan, kartzela politika justifikatzeko erabili diren aldagaiak desagertuz joan dira. Hortaz, kartzela politika honek, sostengu sozial eta politikorik ez du Euskal Herrian, baina areago, berau ez aldatzeko aitzakia edo justifikaziorik ere ez du. Edonola ere, espainiar gobernuak aurkezturiko planak ez du errealitate hori aintzat hartzen, eta betiko aitzakiak erabiltzen ditu, ETA-k bere jarduera behin betirako utzi izan ez balu bezala, Euskal Presoen Kolektiboa bide soilik politiko eta demokratikoekin konprometitu izan ez balitz bezala (Gernikako Akordioa sinatuz harturiko konpromisoa) eta Aieteko Bake Konferentzia izan ez balitz bezala.
Giza eskubideen printzipioari muzin egiten dio
Plan honek giza eskubideen errespetuari baldintzak ezartzen dizkion momentutik ez du giza eskubideen printzipioa jasotzen. Oinarrizko giza eskubideen errespetuari ezin zaizkio baldintzak jarri, pertsona orok, inolako bazterketa eta bereizkeriarik gabe izan behar baititu oinarrizko giza eskubideak ezagutuak eta errespetatuak.
Herrirak argi du, bake prozesuaren arrakastarako beharrezkoa dela oinarrizko giza eskubideak ez nahastea bestelako eztabaida politikoekin. Pertsonen bizitzak eta haien eskubideak ezin dira erabiliak izan asmo politikoekin.
Salbuespeneko irizpidea mantentzen du
Plan honen arabera, euskal presoek baldintza batzuk bete behar dituzte oinarrizko eskubideak errespetatuak izan ditzaten. Hau da, gaur egun preso politikoek eta beraien senideek sufritzen dituzten muturreko eskubide urraketak amaitzeko, soilik preso politikoei, eta ez gainerako presoei, zuzenduriko baldintza batzuk bete beharra ezartzen du espainiar gobernuak.
Euskal preso politikoentzat espresuki eraikitako lege eta neurriek osatu dute egungo kartzela politika. Gainerako presoei ez bezala, neurri bereziak ezarri zaizkie euskal presoei. Horregatik da kartzela politika hau salbuespenekoa, mendekuan eta errepresioan oinarritzen diren neurri eta lege bereziak barne biltzen dituelako.
Plan berri honek ez du salbuespeneko irizpidea abandonatzen, gainerako presoei ezartzen ez zaizkien baldintzak ezartzen baitzaizkie euskal presoei.
Sektore jakin bati zuzendua: modu eraikitzailean ala disruptiboan?
Plan hau kolektibo bati zuzendurikoa dela gauza jakina da, nahiz eta “bergizarteratze indibiduala” azpimarratzen duen. Kontraesan honek nabarmentzen du bake prozesuan beharrezkoa dela gatazkaren konponbidean preso politikoen kolektiboa aintzat hartzea. Modu sinplean esanda, gatazkaren parte eta ondorio dena, soluzioaren parte eta ondorio delako halabeharrez. Errealitate hau modu eraikitzailean kudeatzea litzateke bakea eraikitzeko eta gatazka betirako gainditzeko biderik eraginkorrena. Hau da, kolektibo hau bake prozesuan inplikatzeko beharrezko egoerak sortzea, parte hartze eta elkarrizketarako aukerak irekiz batetik, eta eskubideen urratzeak dakartzaten muturreko neurriei amaiera emanez bestetik. Planak ordea ez du aktibo hori modu eraikitzailean kudeatzeko biderik eskaintzen.
Hil ala biziko egoerei ez die irtenbiderik ematen
Plan honek ez du berehalako konponbidea eskatzen duten egoerentzat irtenbiderik ematen. Esate baterako, Txus Martin hil ala biziko egoeran aurkitzen da, ia zortzi urteko isolamenduaren ostean eskizofrenia garatu du, bi aldiz saiatu da bere buruaz beste egiten, eta kartzelan mantentzeak bere bizia arriskuan jartzen du. Horrez gain, beste 13 preso gaixotasun larriekin kartzelan daude, eta horietako batzuk kondena betea izan arren, zigorra luzatzeko doktrinaren ondorioz kartzelan segitzen dute.
Dispertsioa gehien sufritzen dutenak, senideak, ez ditu aintzat hartzen
Dispertsioa euskal preso politikoei ezartzen zaien neurria da. Presoengan eragina du, kanpoko harremanetatik urruntzen baititu, isolamendua eraginez batetik, eta presoen arteko sakabanaketan sakonduz bestetik. Alabaina, gauza jakina da dispertsioa gehien sufritzen dutenak presoen senideak direla. Planak ordea, ez du honakoa kontuan hartzen. Ehunaka senidek milaka kilometro egin behar dituzte astebururo, errepidean orduak emanez. Honek istripu ugari eragiten ditu, eta senideen bizia bera arriskuan jartzen du.
Espainiar gobernuak plan hau aurkeztu zuenetik lau istripu izan dira. Lau egunetan lau istripu gertatzeak erakusten du dispertsioak presoen senideengan eragiten duen sufrimendua eta arriskua.
Planak ez dakar gobernua bake prozesuan inplikatzea
Izan ere, gobernua bake prozesuan inplikatzeak, gutxienez eta lehen urrats gisa, oinarrizko giza eskubideak errespetatzea eskatzen duelako. Giza eskubideen errespetuari baldintzak jarriz baino, horiekin irmoki konprometitzea derrigorrezkoa da gobernu batentzat, bakea eta normalizazioaren bermatzaile nagusi batira giza eskubideak.
Planaren edukiez harago, bake prozesu batek eskatzen duen bidea da plan honek alboratzen duena. Hau da, lehenik eta behin eskubideekiko konpromisoa hartzea aldeek, eta bigarrenik, gatazkaren ondorioei irtenbidea emateko elkarrizketari ekitea. Gobernuak aldiz, ez du bere eskuetan diren eskubide urraketak amaitzeko pausu propiorik ematen. Ez du halaber elkarrizketaren bide eraikitzailea hautatzen, berak ezartzen baititu eskubide urraketak eta horiek bukatzeko baldintzak.
Herrirak bake eta konponbide osoa, justua eta iraunkorra ekarriko duen prozesuarekiko konpromisoa du. Nazioarteko esperientzia asko eta askok erakusten duten legez, galtzailerik eta irabazlerik gabeko irtenbidea da, hain zuzen ere, hori ekarriko duena. Alabaina, gobernuak irabazle eta galtzaileak bilatzen dihardu, presoen eta beraien senideen eskubideak erabiliz horretarako. Gure ustez, gobernuak eskema hori alboratzea oso garrantzitsua da bake prozesuaren arrakastarako.
BIDEAN AURRERA EGIN DEZAGUN
Bakea eraikitzeak, gatazkaren arrazoiei eta ondorioei irtenbidea ematea eskatzen du. Gatazka egoerak betirako atzean utzi, eta eragindako ondorio guztiei konponbidea eman behar zaie, bidean galtzailerik sortu gabe, eta ondo itxi gabeko zauririk utzi gabe. Horrek, besteen artean, preso eta iheslarien egoera konponbidean jartzea eskatzen du.
Kolektibo hauen oinarrizko eskubideen errespetua, funtsezko urratsa da bide horretan. Gatazka klabeetan eraikitako kartzela politika aldatuz, eta hura konponbide irizpideetara mugituz, bakea oztopatzeko baino, hura sustatu eta konponbide prozesua elikatzeko esparru gisa.
Horrek zera eskatzen du, mendekurako neurriak desagertzea, eskubideak ezartzea, eta alde guztiak engaiatzea, elkarrizketaren eta akordioaren bidetik, inplikaturiko guztiek beharrezkoak diren pausuak eman ditzaten.
Bide horretan sakontzeak ekarri behar du, konponbidean aurrera egin ahala, preso eta iheslariak etxera itzultzea.
Honela bada, egiten ari garen bidean ikuspegi zabalez eta pazientzia handiz aurrera jarraitzea da, Herriraren ustez, bakearen eta askatasunaren alde egin dezakegun inbertsiorik onena.
Dokumentuak







