Manifestaziorako atxikimendua hemen eman daiteke

Donostiako aste nagusiaren bueltan euskal preso politikoen giza eskubideak aldarrikatuko dira abuztuaren 11n. Ostiralean agerraldia burutu zuten Donostiako hainbat herritarrek, eta herritarrei manifestazio honetan parte hartzeko gonbidapena egin zieten.

Hemen duzue agerraldian irakurritako testua:

Arratsaldeon guztiei!
Gaurkoan honako agerraldi “jendetsu” honetan parte hartzen dugun hiritarrok hurrengo mezua helarazi nahi dizuegu:

Asko gara Euskal Herrian azken urte honetan gertatzen ari diren gertaerak eta irekitako eszenatoki berria ilusioz bizi ditugun hiritar eta herritarrak. Behingoz, Giza eskubide guztiak errespetatuak izango diren herri batean bizitzeko gogo eta nahia aldarrikatu nahi dugu.

Zoritxarrez agerian geratu da Gobernuek urratsik eman ez dutela preso eta iheslarien aferan. Beste garai eta egoera batean sortu eta aplikatu zituzten salbuespeneko neurriek indarrean jarraitzen dute gaur.

Euskal presoen kontra, bai Espainian eta baita Frantzian ere, eskubideak salbuespenez murriztu dituzten neurriak indarrean jartzen joan dira hamarkadaz hamarkada, “terrorismoaren kontrako borroka” deiturikoaren aitzakian. Gaur aitzakia hori desagertuta ere indarrean mantentzen dira neurri horiek. Giza eskubideak urratzen dituzten neurriak dira. Adibide argia izan dugu azken asteotan: Estrasburgoko Auzitegiak legezkotzat jotzen EZ duen 197/2006 doktrina. Ebazpenaren arabera, doktrina honek Europako Giza Eskubideen Hitzarmeneko 5.1. eta 7. artikuluak urratzen ditu, hau da, zigorraren luzapena bidegabeko jotzen du batetik, eta askatasunerako eta segurtasunerako oinarrizko giza eskubideak urratzen direla ebazten du bestetik.

Guk argi dugu herri mobilizazioa eta konpromisoa ezinbestekoak ditugula gobernuak mugiarazteko. Gobernuek beren eskuetan dute kartzela politikaren giltza. Pilota beraien teilatuetan dago. Baina euskal gizartean dugu gobernuak mugiarazteko giltza. Horixe da euskal pilota: bakea eta konponbidea eraikitzeko, preso eta iheslarien egoerari irtenbidea emateko erronka historikoa.
Euskal pilotak lehen botean kartzela politika aldatu eta presoen giza eskubideen errespetua bilatzen du:

Denak Euskal Herrira ekartzea.

Gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea.

Bizi arteko zigorrik ez aplikatzea.

Zigor osoa eta 3/4ak beterik dituztenak askatzea.

Isolamendua eta 1.gradua sistematikoki aplikatzeari uko egitea.

Eta azkenik, konponbidean presoen inplikazioa posible egiten duten egoerak sortzea, gatazkaren parte izan den oro soluzioaren parte izan dadin.

Bigarren botean bake egoera sortu eta egonkortzeko urratsa eman nahi du euskal pilotak. Gatazkak sorturiko ondorio eta egoera guztiak konpontzea alegia.
Bakarrik horrela izango delako posible etorkizun baketsu baterako oinarri sendoak ezartzea. “Arerioa menperatzeko” egitasmoak ez dira konponbidea eraikitzeko bidelagun, eta gatazka konpontzeko bidean, giza eskubideen printzipioei loturik alde guztiak engaiatzea funtsezkoa dela uste dugu. Horixe da Espainiar zein frantziar gobernuek oraindik egiteko duten urratsa.

Pilota estatuen eskuetan dago! Honengatik guztiagatik, Abuztuak 11ean Saguesetik 17:30tan abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitzen ditugu hititarrak. “GIZA ESKUBIDE GUZTIAK, EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA”.

Manifestazioan parte hartu eta atxikimendua aldez aurretik adierazteko www.donostialdekoherrira.com web orrian sartu eta bertan izango duzue aukera. Beraz animatu eta atxekitu abuztuak 11eko giza eskubideen aldeko olatura!!!

Besterik gabe, Donostiako Aste Nagusia gerturatzen ari dela eta, Herrira mugimenduak preso eta iheslarien eskubideen aldeko olatua urdina sortu eta parte izatera deitzen ditu jaiaz gozatzera datozen guztiei. Herrira taberna Ikatz kalean izango dela jakinarazten dugu ere. Eta manifestazioaz gain, larunbata 18an TOPA HERRIKOIA ETA KANTU BARRIKOTEA IZANGO DITUGULA. JANTZI KAMISETA URDINA ETA ETORRI JAIAZ GOZATUZ PRESO ETA IHESLARIEN ESKUBIDEEN ALDE EGITERA!!!