2012/09/13 Curtisera burutzekoa zen martxa atzeratzea erabaki du Oñatiko Herrirak
Arratsaldeon guztioi eta mila esker beste behin ere gure deiari erantzun izanagatik
Herrira mugimenduak datorren irailaren 15an, Oñatitik Curtiseko espetxera prestatuta zuen martxa atzeratzea erabaki du. Martxa Bagoiaz ekimenaren baitan antolatuta zegoen eta Alberto Plazaola presoaren eskubideak aldarrikatzea zuen oinarri nagusitzat. Bagoiaz ekimena, dotrina aplikatu ziotenetik, maiatzetik, lantzen ari da Oñatiko Herrira, tartean hitzaldiak, mozioa udaletxean, eta hainbat elkartasun ekimen landu ditugu. Baina, azken egunetako berrien ondoren (dakizuen moduan, AVTk beste martxa bat deitu du Curtisera egun berdinean), martxaren atzerapena erabakirik arduratsu eta onena dela uste dugu.
Herrira desiratzen ez zuen eszenatoki baten aurrean egon da. Inolako konfrontaziorik, eta nahi ez genuen argazki bat ekiditeko eta gure integritatea babesteko hartutako neurria da. Giza eskubideak era baketsuan aldarrikatzea da gure asmoa eta inolaz ere ez genuen nahi bi pankartetako eszenatoki bat islatzea. Hori ez da guk bilatzen genuena eta ez diogu argazki hori inori oparituko, are gutxiago hori bilatzen duenari.
Herrira mugimenduak 197/2006 doktrina aplikatuta daukan Alberto Plazaola herrikidearen eskubideak aldarrikatuko ditu Curtiseko espetxean. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak berak errefusatutako neurria da Bizi Osorako Doktrina eta eskubide osoz salatuko dugu datorren asteotan. Martxa berriaren data hurrengo egunetan jakinaraziko dizuegu bai Oñatiko herritarrei, eta baita hedabideei ere.
Argi eta garbi diogu, Alberto Plazaolaren eskubideak aldarrikatuko ditugu eta horretarako lanean jarraituko dugu Oñatin. Esfortzuak, konpromisoak eta harremanak biderkatuko ditugu egun indarrean dagoen espetxe politika ankerraren amaiera eskatu, giza eskubideen errespetua aldarrikatu eta konponbidea eta bakearen alde indarrak biltzeko.
Hori da gure konpromisoa eta gaur berresten duguna. Horrekin batera, larunbat honetan, euskal herriko beste 60 hiri eta herrietan bezala, Oñatin ere espetxe politika ez gizatiar honek minutu bat bera ere iraun ezin dezakeela salatzeko manifestazioa izango da, 19:30tan plazatik, “Bizi arteko zigorrik ez, minutu bat gehiago ez” lelopean.
Eskerrik asko








