2012/10/31 Etxerat-ek azoroaren 10eko manifan parte hartzeko deitzen du
Etxerat-ek azoroaren 10eko manifan parte hartzeko deitzen du.
Hor duzue prentsaurrekoaren testua:
“Egunon, eta mila esker hona gerturatu zareten komunikabideei.
Gaur, datuak, zenbakiak, izenak eta testigantzak biltzen dituen txosten bat aurkezten dizuegu. Honek duela urteak eta urteak salatzen duguna erakusten du: estatu frantsesaren parte hartze zuzena euskal preso politikoen arazoan.
Euskal preso politikoen errealitatea etengabe mugitzen ari denez (atxiloketak, kondenak, trasladoak, askatzeak…), hilabete honen hastapenaren argazki bat da dosierra hori.
605 euskal preso politikoen artean, 136 Frantziako kartzeletan aurkitzen dira.
33 ipar Euskal Herriko familik gutxienez senide bat daukate preso, batzuk bizpahiru. 40 presok hemen daukate familia.
Ipar Euskal Herriko ehundaka herritar, euskal presoen senide edota lagunak, sakabanaketaren errepideak hartzen dituzte aste guztitan. 35 senidek 12 istripu izan dituzte jadanik aurten, eta nekea, presioa eta arazo ekonomikoak izugarriak dira.
Sakabanaketa eta urrunketa, prebentibo luze-luzeak eta bizi osorako zigorrak, bakartzea, isolamendu politikoa eta tratu txarrak dira, gaur egun ere, estatu frantsesak gure senideei aplikatzen dizkien salbuespenko neurriak.
Aipatzen ditugun 40 presoen artean, 3 «perpétuité» (bizi osorako zigorraren) neurripean daude (neurri anker eta bakarra Europan, nahiz eta Espanian ere bizi osorako espetxe zigorra ahalbidetzen duen 197/2006 doktrina palikatzen dieten gure senideei) eta 22 urte daramatzate kartzeletan. Haien artean den Ion Kepa Paroti hirugarren aldikotz baldintzapeko askatasunaren eskubidea ukatu diote joan den astean. 18k 20 urte baino gehiagoko kondena daukate, eta 20 preso daude duela 10 urte baino gehiago kartzeletan.
144 kilometro bisitara joateko (eta hainbeste itzultzeko) asko da jadanik, gehiegi. Horretan dugu preso hurbilena (Mont-de-Marsan). Orduan zer esan Chalons-en-Champagnen dagoenaz (950 km), Lyon aldean edo Espainako hegoaldean?
Datu guzti horiek zehaztuak dira arretaz irakurtzera gonbidatzen zaituztegun txosten honetan.
Eskubideen urraketa politika hori beti eta inoiz baino gehiago martxan da frantziar estatuan. Honek oraindik ere bere kartzeletan preso politikoen existenzia eta gatazkan duen parte hartze zuzena ez ditu oraindik aitortu. Eta ez ditu oraindik bere lege propioak aplikatu. Begien bistakoa dena ukatzen segituz, errepresioaren bidean tematzen da espainar estatuaren gibelean ezkutatuz ardurak hartzeko tenorean.
Baina, aro berri batean aurkitzen gira eta jende askoren lanari esker, gu itotzeko antolatu zuten isiltasunatik azkenean atera gira. Gero eta aktore gehiagok bat egiten du gure aldarrikapenekin – haien artean gaurko gobernuaren kolore politikoa duten hautetsi ainitzek ere – arazo horren konpontzea prozesuan aintzinatzeko ezinbestekoa baita.
Estatuak dira orain isolatuak direnak, eta honek justiziaren bidea hartzera eta denon eskubideak errespetzera behartzeko aukera paregabe baten aintzinean kokatzen gaitu. Gure esku da orain!
Guzti honegatik, azaroaren 10erako Herrira mugimenduak Baionan deitu duen manifestazioaren garrantzia azpimarratu nahi dugu eta euskal jendarte guztiari, guk egingo dugun bezala, mobilizazio horretan parte hartzeko dei egin nahi diogu.
Beharrezkoa da hitzordu honi behar duen garrantzia ematea. Gure senide eta lagunen eskubideei buruz ari gara. Izan ere, estatu frantsesean ere euren eskubideak etengabe urratzen jarraitzen dute, eta Frantziako gobernuari argi eta garbi adierazi behar diogu zein den gure eskaera: gure eta gure senide eta lagunen eskubideak errespetatzea eta gure senide eta lagunak etxean izatea. Era berean, Azaroak 10eko mobilizazioaren manifestuarekin eta bertan egiten diren aldarrikapenekin bat egiten dugula ere adierazi nahi genuke.
Gauzak honela, guztiok azaroaren 10ean, 15:30ean, Baionako Euskaldunen plazan elkartzea espero dugu.
Hurbildu bakera!”
Dokumentuak







