Itzubaltzeta / Erromoko (Getxo) auzokideek eta hainbat eragilek Iñaki Gonzalo Casal herriko preso politikoa datorren maiatzaren 4an aske uztea exijitu dute, gaur egindako prentsaurrekoan. 1.300 auzotarrek baino gehiagok berretsi dute Gonzalori ezarritako 197/2006 doktrinari dioten errefusa, “Europako Giza Eskubideen Konbentzioa urratzen duela” salatuta.

Era berean, Getxoko Udalbatzari eskatu diote itzubaltzetarra eta doktrinaren pean diren beste preso guztiak dagozkien irteera datetan askatzeko galdegin dezan. Eskaera horrekin bat egin dute honako eragileek: Getxoko Bildu koalizioa, Sortu, ELA eta LAB sindikatuak, Uribe Kostako M-15 mugimendua, Itsasoruntz, LZPren aurkako Uribe Kostako asanblada, Itzubaltzetako Gazte Asanblada, Ernai, Itzubaltzetako Emakumeen Asanblada, Erromo Duin, Erromo eta Pinuetako jai batzordea, herriko koadrilak eta Erromotarrak futbol taldea. Etzidamu, asteartearekin, eztabaidatuko da horren inguruko mozioa.

Bestalde, hurrengo egun eta asteotarako ere Gonzaloren eskubideen aldeko ekimenak burutuko dituzte. Besteak beste, maiatzaren 4an, “Kitxu gure artean egon behar zen egunean”, Valladolideko espetxera egingo dute martxa. Hilabete horretako 17tik 19ra, berriz, 197/2006 doktrinaren kontrako kanpaldia egongo da eta, aipatu azken egun horretan, Uribe Kosta mailako manifestazioa Itzubaltzetan.