Apirilak 17, nazioarteko preso politikoen eguna den honetan, Herrira mugimenduak munduan zegar arrazoi politikoengatik espetxeratuak dauden pertsonen eskubideak aldarrikatu nahi ditu. Horrekin batera, Irlanda edo Hego Afrikako kasuetan suertatu bezala, auzi honi irtenbide integral eta eraginkor bat emateak gatazka politikoen konponbidean duen garrantzia azpimarratu nahi dugu.

Eguneroko eskubide urraketa pairatzen dute preso politikoek, sarri euren ingurune sozial eta afektibo osoa ere kolpatua izaten da. Horiek horrela, Herrirak egunerokotasunean zabaltzen dituen aldarriak mundu osoan ematen diren mota honetako egoerei soluzio bideak emateko giltza izan daitezkeela nabarmentzen dugu. Giza eskubideen errespetua oinarrizko jokalekua izanik, irtenbidea preso politikoak egoteko arrazoiak konpontzeko eta bake integrala berriro ere preso politikoak egoteko arrazoiak desagertu eta eskubide guztiak errespetatuak izango diren errealitate bat finkatzeko.

Azken urteetan kasu lazgarri eta eskubide urraketaren berri izan dugu, bai euskal preso politikoei dagokienean zein planetako beste hainbat lekutik. Herriraren ustez, herrialde eta gatazka bakoitzaren berezitasunetik abiatuta, ezinbestekoa da preso politikoen existentziari amaiera ematea munduko hainbat lekutan oinarrizko eskubideen bermea eman eta bakeari ateak parez pare zabaltzeko.

Zoritxarrez, sarri ez da erraza eta preso politikoek pairatzen dituzten eskubide urraketen salaketak ere jazarpena jasotzen baitu. Munduko hamaika txokotan ematen da, baina bertatik bertara ere. Horiek horrela, Herrira mugimenduak Iruñerriko bost gazteri ezarritako gartzela zigorra eta inhabilitazioa eta azken asteetan emandako beste kriminalizazio saikerak zein garai zaharretako jarrereren itzulera arbuiatu nahi ditu. Preso politikoen eskubideak aldarrikatzea, are gehiago euskal jendartearen baitan dagoen adostasun zabala denean eta konponbiderako elementu giltzarri den heinean, zilegia izateaz haratago, giza eskubideen errespetuaren, konponbidea eta bakearen apologia egitea suposatzen du.

 Munduko preso politikoen eskubide alde, Herrira mugimendua.