Albiste hau French, Spanish hizkuntzan irakur dezakezu

80 hiri eta herritan eginen da, eta Iruñean izanen du bukaera, Anaitasuna pabiloian, irailaren 14an.

Joan zen martxoaren 20an, Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Areto Nagusiak ahozko epaiketa egin zuen Inés del Ríoren kasua berriz aztertzeko. Jakina denez, Inés Tafallako preso bat da, 2007rako libre utzi behar zutena, baina sei urte geroago kartzelan jarraitzen du 197/2006 doktrina aplikatu diotelako. Doktrina honek bidegabeki luzatzen du espetxealdia zigorra betea duten presoen kasuan. Gaur egun, 70 euskal preso daude egoera horretan.

Lehendik, 2012ko uztailaren 10ean, Estrasburgoko Auzitegiak agindua zuen Inés del Río aske uztea, 197/2006 doktrinaren aplikazioak Giza Eskubideen Europako Konbentzioa urratzen duela iritzita. Espainiako Estatuak ebazpena ez onartzearekin batera, errekurtsoa jarri zuen. Beraz, hilabete gutxi barru kaleratuko den behin betiko epaia erabakigarria izango da. Eragina izango du ez soilik Inesen egoerari dagokionez, baita zigorra beteta espetxean jarraitzen duten beste pertsona guztiengan ere.

Martxoaren 20ko epaiketa-saioak beste behin ere agerian utzi zuen euskal gizartearen gehiengoa salbuespeneko espetxe politika honen aurka dagoela. Izan ere, 197/2006 doktrina indargabetzearen alde dago gehiengo sozial politiko eta sindikala. Era berean, eremu juridikoan geroz eta zabalduago dago neurri honen aurkakotasuna.

Horiek horrela, Herriraren aburuz, epaia emana dago: aspektu juridikoan, Estrasburgon 2012ko uztailean aho batez emandakoa eta eremu sozialean, euskal gizartearena, behin eta berriz eskatu baitu giza eskubideen errespetua eta salbuespen neurrien bukaera.

Beraz, ez gaude prest esperoan gelditzeko. Garrantzia eman behar zaio gizarte honek hartu duen erabakiari. Gizartea garbi mintzatu da giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde. Horregatik, “Herritarron epaia” izeneko iniziatiba aurkezten dizuegu. Datozen hilabeteetan Euskal Herriko dozenaka hiri, herri eta auzo zeharkatuko dituen ekimen ibiltaria. Epai handi hau gizartearen borondatearen testigantza izanen da, herriz herri adierazia, eta Europako erakundeei eta nazioarteko komunitateari zuzendua.

Herritarron Epaiaren lehenbiziko orriak Tafallan idatziko dira, Udaletxe plazan ekainaren 8an eguerdian eginen den ekitaldi batean. Handik, beste 80 bat herritara joanen da. Azken geldialdia, Iruñeko Anaitasuna pabiloian burutuko den ekitaldi bat izango da, irailaren 14an. Bertan, epaiaren azken orriak idatziko ditugu ondoren Europako erakundeei helarazteko.

Hortaz, herritar guztiak, iniziatiba honetan eta Irailaren 14ean Anaitasunan egingo dugun ekitaldian parte hartzera gonbidatzen ditugu. Denon artean, herriz herri, giza eskubideen errespetuaren eta salbuespeneko espetxe politikaren amaieraren aldeko aldarria osatuko dugu. Guztion artean mezu argia bidali behar diegu Estatu frantziar zein espainiarrari, baita nazioarteko komunitateari: konponbidearen alde egiteko garaia da, eman diezaiogun aukera bat bakeari.

EN CASTELLANO

EN FRANçAIS