Albiste hau Spanish hizkuntzan irakur dezakezu

Manu Gonzalez (Laudio), Julen Fernandez (Laudio), Santos Berganza (Amurrio) eta Jose Angel Biguri (Menagarai) euskal presoen senideek eta lagunek aurkeztu dituzte gaur arratsaldean Zaraobe gainean haien atxilotzearen 24. urteurrena dela-eta Laudion egingo diren ekitaldiak.

Preso hauetako hiruri ezarri zaie ofizialki 197/2006 doktrina eta horren ondorioz, kondena 10 urtez luzatu zaie, 20tik 30era. Gogoratu behar da guztiek bete dituztela kondenaren hiru laurdenak eta haietako bat, Jose Angel Biguri, larriki gaixorik dagoela.

Aiaraldeko herrientzat bilgune sinbolikoa den Zaraobe gainean, zenbait belaunalditako 40 pertsona elkartu dira 1989ko iraila ezkero preso dauden 4 herritarren senitartekoei babesa emateko. Ekitaldi honetan aurkeztu dira “24 urte, nahikoa da” lemapean Herrirak hilaren 21erako Laudion antolatu dituen jarduerak.

Egun horretako goizeko 10:30ean Amurrioko plazatik abiatuko den Martxak eskualdeko zenbait herritako kaleak zeharkatuko ditu eta Laudioko Institutuan amaituko da. Bertan herri bazkaria egingo da. Arratsaldean eta leku berean bertso saio bat egongo da eta amaitzeko,
19:00etan manifestazio bat Laudioko kaleetan zehar, lau preso hauen askatzea eskatzeko.

Deialdia egin dutenek preso hauen eskubideak aitortzea eta berehalako askatzea eskatzen dute. Modu berean, Aiaraldeko herritarrei dei egiten diete egun horretan kalera irteteko eta guztion ahotsa batzeko eskubide urraketa honen erantzuleei interpelatzeko.