Albiste hau Spanish hizkuntzan irakur dezakezu

Herrira mugimenduak agerraldi publikoa eskaini du gaur Iruñeko Zabaldin datorren larunbatean Anaitasuna Pabiloian egitekoa den ekitaldian parte hartzeko gonbitea eginez. Bertan, 197/2006 doktrinaren aurkako Herritarron Epaia ekimen ibiltariari amaiera eman eta aurrera begirako erronkak zehaztuko ditu Herrirak.

Gaurko agerraldian, larunbateko hitzorduari buruzko zehaztazunak eskaini dira. Horiek horrela, Jon Garay Herrira mugimenduko bozeramaileak, Karmele Tirapu Etxerateko kideak, Gotzon Sanchez aktoreak eta Vendetta musika taldeko Pello Reparazek hartu dute parte.

Ekitaldiaren nondik norakoak zehaztu dira gaurkoan, besteak beste Carlos Olalla aktorea aurkezleetako bat izango dela, Vendetta taldeak John Lennonen “Give peace a chance” abesti ezagunaren moldaketa, “Zigorren herria” izenarekin, 2000 pertsonen laguntzarekin kantatuko duela edo Herrirak etorkizun hurbilera begira dituen erronkak eta mobilizazioen aurkezpena egingo duela Anaitasunan.

Dena prest dago, hainbat herri eta hirietan autobusak antolatzen ari dira, eta Herrirak berriro ere irailaren 14an, 18:00tan, egitekoa den ekitaldian parte hartzera gonbidatzen ditu 197/2006 doktrinaren aurka, egungo espetxe politika errotik aldatzearen alde eta konponbidea zein bakearen eraikuntzari bultzada eskaini nahi dioten herritar oro.