Albiste hau Spanish hizkuntzan irakur dezakezu

Gaur arratsaldean, Iruñean, Anaitasuna kiroldegian egindako ekitaldian, Herrira mugimenduak 197/2006 doktrinaren aurkako Herritarron Epaia eman du aditzera.

Koaderno handi honek 80 herri baino gehiago bisitatu ditu uda honetan, herritarren ekarpenak eta herri honen gehiengo politiko, sindikal eta sozialarenak jasotzeko. “Hauxe da Europara igorriko dugun epaia: giza eskubideak, konponbidea, bakea; hau da, 197/2006 doktrina berehala indargabetu dezatela”, Herrira-ko kide Jone Galarzak eta Egoitz Luisak azaldu dutenez.

Herritarron Epaiak hainbat ekarpen jaso ditu ekitaldian, besteak beste Martina Anderson, Mark Demesmaeker, Tatjana Zdanoka eta Iñaki Irazabalbeitia europarlamentarioena, mezu bat bidali baitute Bruselatik.

Carlos Olalla aktore madrildarrak eta Maite Bidarte kazetari nafarrak aurkeztu dute ekitaldia, eta unerik hunkigarrienetako bat Etxerat-eko Idoia Mujikaren mintzaldia izan da; izan ere, presoen eta haien senitartekoen giza eskubideak aldarrikatu ditu, bai eta “bizitzeko eskubidea eta bakean bizitzeko eskubidea” ere. ”Zuen sostenguari eta elkartasunari esker jarraitu dugu arnasa hartzen -esan du-, baina orain garaia da harlauza astun hau gainetik kentzeko, eta denok norabide berean bultza egiteko eskatzera etorri gara”.

“Tantaz tanta itsasoa gara”

Ekitaldiaren bigarren zatian, Gotzon Sanchez aktoreak eta Miren Amuriza bertsolariak azaldu dute zein den Herrira-k hurrengo hilabeteetan abian jarriko duen dinamika. Haiek adierazi dutenez, euskal gizartean adostasuna dago salbuespen neurriak atzean utzi beharraz, eta hemendik aurrera garbi dugu zein den gure egitekoa: milaka pertsona horiek aktibatzea Madrileko eta Parisko immobilismoa gaindituko duen masa ekintza sozial baten bitartez.

Horretarako, Herrira-k sektore sozial guztien inplikazioa bilatuko du, eta gaurko ekitaldia filosofia berri horren adibidea izan da, arte eszenikoen munduko aportazioak, musikaren arlokoak nahiz kirolaren arlokoak bildu dituelako… Une gorena amaierakoa izan da, Anaitasuna kiroldegian zeuden guztiek batera kantatu dutenean “Give peace a chance” abestiaren bertsioa, Vendetta taldearena.

Une horretan aurpegi ezagun asko ikusi ditugu agertokian: Angeles Iztueta, Iñaki Goioaga, José Navas, Javier Madrazo, Bakartxo Ruiz, Miren Aranoa, Tasio Erkizia, Pernando Barrena, Martxel Toledo, Ainhoa Etxaide,Txerra Bolinaga…

Urtarrilaren 11n Bilbon

Dinamika berriaren abiapuntua, Herrira-k urtarrilaren 11n Bilbon eratu nahi duen “itsasoa” izango da; horretarako, “gutako bakoitza ur tanta ezinbestekoa izango da”, Gotzon Sanchezek eta Miren Amurizak azaldu dutenez. “Eremu publikoaren okupazioa izango da, inoizko handiena Euskal Herriko historia hurbilean, eta, une jakin batean, denok gora begiratu eta gure tanta zerurantz altxatuko dugu. Eta orduan itsasoa izango gara, giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen aldeko itsasoa”.

Horrez gainera, iragarri dute gaixo dauden presoen askatasunaren aldeko jardunaldiak egingo direla Ipar Euskal Herrian azaroaren azken astean zenbait mobilizaziorekin batera. Era berean, abenduaren 7an, Durangoko kaleetan olatu erraldoia osatzeko deialdia egin dute, Bilboko itsasoaren proba-saio orokorra, alegia. Eta abenduaren 10ean jardunaldi batzuk hasiko dira Iruñean, sakabanaketari eta espetxeetan gertatzen diren giza eskubideen kontrako urraketei buruzkoak.