Albiste hau Spanish hizkuntzan irakur dezakezu

197/2006 doktrinaren aurkako aldarriarekin bete da Donostiako Boulevard-a. Boga egin ondoren, Herrirak gune propioa ireki du Trinitate Plazan eta giro bikainean igaro da arratsaldea.

Itsasoaren aurka lanean aritu dira gaur traineruak Donostian, eskuz esku, arraunak astinduz, talde lanean, ahalegin betean, helburua lortu asmoz. Guztia eman dute Badian, kaitik zetorren kolore festa eta animoen bultzada sentituz. Arraunaren metafora, ezin egokiagoa da, Euskal Herrian bake eta konponbide eszenatoki bat lortzeko ditugun erronkei heltzeko norabidean.

Izan ere, talde lana, ahalegin betea eta jendartearen inplikazioa ezinbestekoa izango da indarrean dagoen espetxe politikarekin amaitzeko. 197/2006 doktrinarekin amaitu dezakeen epaiaren zai gaude, baina Estrasburgotik etorriko den ebazpenaren gainetik, giltza gure eskuetan dago. Herritarrok izan behar dugu protagonista, gure jarduna ezinbestekoa izango da gauzak aldatzeko. Guztion artean, talde lanean, elkar lagunduz, enpatia izanez, galdera berriei erantzun berriak eskainiz.. lortuko dugu!

Jendartea, bere osotasunean, egun indarrean dagoen eskubide urraketa gaindituko duen olatuaren protagonista eta bultzatzaile nagusia behar du. Garaipen kolektibo baten bidean irmoki jarriko gaituen olatu herritarra. Salbuespen neurrien amaiera, espetxe politikaren Karenteko aldaketa, giza eskubide guztien eskubidea eta konponbidea eta bakearen eraikuntza definitiboa ekarriko duena.

2013 urtean eta Europar Batasunaren testuinguruan, ez da onargarria euskal preso politikoek pairatu behar duten egoera. 197/2006 doktrina aplikatuta daukatenen kasuan, Europako Giza Eskubideen Hitzarmena urratuz gainera. Baina ez hori bakarrik, ez da inolaz ere onargarria sakabanaketak istripuak eragiten jarraitzea edo Pablo Gorostiagak eta bere familiak pairatu behar izan duen egoera, justiziarik gabekoa, sumingarria eta krudela.

Espainia eta Frantziako gobernuek itxikeria nabaria erakusteaz gain, giza eskubideak larriki urratu eta ondorio lazgarriak dituzten salbuespen neurriak mantentzearen aldeko hautua egin dute, euskal jendartearen bake eta konponbide nahiari muzin eginez. Baina, posible da egora hori aldatzea. Eta aldaketa hori ez da zerutik etorriko, euskal jendartearen baitan sortutako indar metaketa, ilusioa eta lan determinazioaren eskutik baino.

Ezinbestekoa da Euskal Herriko bizitza sozial guztia blaituko duen olatua sortzea. Euskal jendarteak, bere osotasunean eta sentsibilitate ezberdinak barnebilduz, erronka kolektiboa du: 197/2006 doktrina bezalako neurriekin amaitzea. Beraz, goazen guztiok gure arrauna hartzera eta bake eta konponbidearen alde boga egitea. Asko entrenatu beharko dugu, saio asko egin beharko ditugu, bidetik gero eta taldekide gehiago batu beharko ditugu eta gure indarretan sinetsi beharko dugu

 Horregatik, gaur, Donostiatik datorren larunbatean, irailak 14, Iruñeko Anaitasuna Pabiloian egitekoa den ekitaldian parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Izan ere, euskal jendarteak bere historia idatzi behar du, bere eskuekin, eta hori da Herritarron Epaia bezalako ekimenen izpiritua. Ez gara ametsetaz ari, kimeretatik urruti gaude eta ez dugu ezinezkoetan sinisten. Oso argi dugu, gurekin, guztiekin, guztion artean, erabat posible da. Posible da… eta lortuko dugu!