Albiste hau Spanish hizkuntzan irakur dezakezu

Dagoeneko iritsi da gure udako lehiaketaren finala. Lehenik eta behin, argazkiak bidali dituzuen lagun guztiei esker bereziak eman nahi dizkizugue, zuen ekarpena ekimen honen arrakasta izan baita. Jarritako helburuak bete dira, izan ere mundu osoko hainbat herritatik, euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko aldarria zein elkartasuna zabaltzea lortu baitugu.

Orotara kasik 200 irudi bildu ditugu eta datozen egunetan, argazki guztiekin osatutako mapa interaktiboa sareratuko dugu, elkartasunaren hedapena grafikoki irudikatu asmoz.  Orain, azken 15 finalisten txanda heldu da eta bozkatzeko epea datorren urriaren 1a bitartean luzatuko dugu.

Botoa ematea oso erraza izango da, Facebook-en zabaldu dugun argazki galerian gustokoen dituzun argazkiei “atsegin dut” ematea besterik ez dago. Finalista guztiei edo norberak nahi dituenei bakarrik bozka emateko aukera izango da. Kontutan hartuta Facebookeko profil bakoitzak bozka bakarra eman diezaiokeela argazki bakoitzari. Urriaren 1an, 00:00tan bozka gehien dituen irudiak eramango du Herrira mugimenduaren produktuekin osatutako saskia.

Dena den, helburua bete da eta guztiok irabazi dugu elkartasuna eta eskubideen aldeko aldarrikapena lau haizetara zabalduz. Beraz, aurrerantzean ere horrelako irudiak egin eta bidaltzera animatzen zaituztegu! Mila esker, zuek gabe ez baitago!

BOTOA EMAN

FINALISTAK HEMEN